Historia

Zorrotza auzoan betidanik egon da bizitza sozial eta kulturala garatzeko guneen beharra, eta denboran zehar, behar hori borroka sozial desberdinen bidez azaleratu da. Parkea, auzoko bizitza sozialaren erdigunea, 30 urteetan zehar abereen azoka izan zen. Hileko bigarren eta laugarren larunbatetan, toki desberdinetako ganaduzaleak Zorrotzara etortzen ziren beraien abereekin, auzoa jendez betetzen zen eta giro aparta sortzen zen.

70eko hamarkadaren amaieran, auzo mugimenduak azokaren desagerpena eskatu zuen, bertan parke bat sortzeko asmoarekin. Auzokideek azoka egunetan manifestazioak egiten zituzten baina ganaduzaleek eta auzoko tabernari batzuek aurka egiten zieten. Azkenik, 1987an Azoka Parkea eraiki zen eta gaur egun, Zorrotzaren bizitza sozialaren erdigunea dela esan dezakegu.

Hori lortu eta gero, Parkea desitxuratu edota murrizteko arriskuan jartzeko proiektuak izan ziren baina mugimendu sozialen presioari esker asmo horiek gelditzea lortu zen. Lehendabizi, egoiliarrentzako parking-a: azkenean parkearen alboko lursail batean eraiki zen eta gainazala urbanizatu, parkea hedatu zelarik.  Bigarrenik, Nagusien Egoitza: azkenik, Zorrozgoiti Bidearen hasierako partean altxatzea lortu zen, parkeari zatirik kendu gabe.

Gaur egun, inork ez du ukatzen Azoka Parkea babestu beharreko altxor bat dela, bizilagun guztiok bertan elkartu eta disfrutatzeko tokia den aldetik. Izan ere, Udalak berak egindako plangintza urbanistikoetan “auzo bihotza” dela identifikatzen du. 

AUZOKA KOMUNITATE ZENTROA

Auzoka udalarekin sinatutako itunpean auzoko bi elkartek kudeatuko duten lehen espazioa da Zorrotzan: Jai Batzordea eta Gure Lurra Elkartea.

2015ean Gure Lurra Elkarteak Zorrotzan Komunitate Zentro bat sortzeko Proiektua planteatu zuen, Untziola kaleko zentroa jomuga zuela (egun, Zorrotzako Oinarrizko Gizarte Zerbitzua bertan kokatuta dago). Proiektu hori bera berreskuratuz, instituzioak babestea lortu izan da azkenik. Horrela, elkarteen, baliabide teknikoen eta elkarterik gabeko hiritarren beharrizanetatik gertu dagoen kudeaketa komunitarioa lortu da.

Komunitate Zentroaren izena auzo eta azoka hitzen arteko eraikuntza da. U letra azoka hitzaren barnean inskribatzen da, zentroa parkearen bihotzean kokatuta dagoela azpimarratu nahian. Era berean, auzoka berbari esanahi berria emateko asmoa dago, alegia, auzoa egiten. U hizkiak probeta bat emulatzen du non burbuilak garapenean diren proiektuak liratekeen; metafora horrekin zentroa komunitatearen egitasmoen laborategi batekin parekatzen da.  

Nola jaio zen Auzoka?

Auzokaren jaiotza frontoiaren estaltzearekin batera etorri zen. Hura erdiesteko prozesuan, Taldeen Koordinakundeak, auzokide arkitekto baten laguntza desinteresatuarekin, frontoiari atxikitako lokalak eraberritu eta hedatzeko proposamen teknikoa aurkeztu zuen. Horrekin, Obra eta Zerbitzu Sailaren oniritzia lortu eta estalkiaren obraren barnean sartu zen, hasiera batean aukera hori ez zegoen arren.